XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errientgoa

Egun zortzi, errientezko solasaren azken hitz erran dugu: ororen buruan, diren bezalakoak balinbadire oraiko errientak, bereziki gazteak, ez direla oro beren nahiz holako; edo bederen, berak hobendun badire, hek baino hobendunago direla heien buruzagiak.

Buruzagi hek nor dire?.

Gobernamenduko gizonak.

Alabainan nork ditu egiten errientak diren bezalako?.

Buruzagiek.

Beren baitharik ez litazke diren bezen bihurriak; ez nahasiak, ez nahasleak; ez eta beren buruez hartuak, ikusten dituzten bezala.

Sortzetik orok jite makhurra dutela erraitea litake hori; edo errientgoak, beren ofizioak dituela holakatzen.

Bainan ez.

Nahi dut bethidanik, eta orotan, zerbeit dena, duena edo dakiena jaunago dela bertzeak baino.

Hortakotz, edo zoin herritan bere buruari zu erraiteko zuzena duketen lehenetarik dela daukat herriko errienta, karguaren bethe gizon delarik, edo hurbil.

Gizontasunean eskas izpiño bat ere barkha dakioke, duen hura onetik balinbadu; ez baikira nehor ere guhaur eginak.

Hots, den gutienik ez goazi jaun errientari herrian herri guziaren ganik doakon ohorearen kontra.

Zor zaio, berak lehenik bere burua ohoratzen duelarik eta errespetatzen.

Bainan ezta hatik aski burua goitituz eta beheitituz erraitea: Jaun Errienta, orok berehala onesteko: ez dena badela, Bada jaun eta jaun.

Jaunfutrea ere jauna da.

Nolako jaun?.

Hortan da guzia.

Zerk dauzka beraz oraiko errientak diren bezalakaturik?.

Eta zerk ditu egunetik egunera geroago-ta okhaztagarriago bilhakarazten ari?.

Aitzindariek; aitzindarietarik heldu zazkoten etsemplu, kontseilu, manu, laguntza, paper zurruburru, agintza, larderia, solas eta eskukaldi guziak oro makhurreratekoak dituzte.

Han da, han, gain hartan, bertze askorentzat bezala, eta bertzentzat baino gehiago errientzat, gaizkirako pozoinaren ithurria.

Buruzagiak dituzte bide chuchenetik gibelatzale eta urguluz hanturik dauzkan haize gaichtoaren buhatzale.

Gain behera heldu zeie gaitzaren kotsua burrustan.

Emagun badirela zenbeit, berenez ere deus onik ez direnak, Izanen ere halakoetarik geroago eta gehiago; zeren eta buruzagiek ez baitute acholarik errient-geitzat hoberenetarik berechteaz.

Ahalaz beren kidekoetarik hautatu nahiago.

Eta ethorkiz behar bezalakoak izanik ere, zer nahuzue bilhaka diten, bide horri lothuz geroz?.

Emadazue haur bat: hamar, hamabi, hamalau urthetan goiti doala.

Edo bere baitharik gogoratu zaio haurrari, errient egitea.

Burhasoek onhartzen dute, hek baino zerbeit gehiago izanen delako nahikariz; eta ja eder baitzeie eta hala baita: heien haurra bertzeak baino erneago, ikasleago dela entzutea.

Nork daki zer ametsak egiten dituzten?.

Ametsak amets, hara haurra; hara zuen seme gaztea, gal ez dadin artharik gehiena behar lukeen adinean, hara non duzuen, burhaso gaizoak, hiru, lau, bortz urtherentzat, non?.

Zer buruzagiren eskuetan?.

Eta nolako lagunekin?.

Zer ikusiko du eta zer ikasiko han, errientgeien eskola hartan?.

Zer solasak entzunen?.

Zer etsempluen artean bizi beharko?.

Jinkoak daki!....

Behinik behin, erlisioneaz bezainbatean, hitz bat ez sekula santan onik.

Hori segura.

Trufa eta itsuskeria frango.

Ez menturaz eskolan, aitzindarien ahotik, nahiz han ere irakaspen makhur askoren entzuteari dagon egungo eguneko errient-geia.

Bainan lanetik lekhora, elgarrekin barne hartan ala handik kampo, beren solas eta urhaisetan, adinik gaichtoenean, deusek begiratzen ez dituelarik; jinkoaren, ez burhasoen, ez buruzagien beldurrik gabe; sustengu onik nehor ez; bilhatzeko elgarren ahalgo.

Lerratzen hasiz geroz, akhabo.